Mila Esker. Bihotz-bihotzez.
Ez dakit oso ondo nola adierazi dezakedan zer sentitu nuen 5 egun soiletan 300 mezu baino gehiago jasotzean Ezta hauek irakurtzean zer sentitzen dudan ere.
2000. urtean lehen aldiz atxilotu nindutenean idatzi ekologista bati erantzun nion eguzki handi bat zirela esanez. Oraingoan ilargia eta zeruko izar guztiekin konparatu behar zaituztet.
Pufff. Bai, “hortera” izan daiteke, baina hala izan da benetan.
Erantzuna izugarria izan da. A zer lasaitua hartu zuten nire kideek aske geratu
nintzenean! Lan handia kendu zitzaien gainetik!
Eta elkartasun kanpaina (oraingoz) gelditu dietenez nire esku utzi dute hemendik aurrera hartu beharreko norabidea.
18/98 auziko sententzia astakeria hutsa da, Zumalabe Fundazioari dagokionez eta baita sumario orokorrari begira. Fundazioko kideei erakunde armatuarekin kolaboratu izana leporatzen digute, zergatik eta su eten garaian desobedientzia zibilaz eztabaida publikoa
ahalbidetzeagatik! Sententziak desobedientzia zibila ETAren tresnatzat jotzen du, eta gu
tresneria horretako piezatzat hartzen gaitu. Baina sententziak ez du Fundazioa ilegalizatzen. Fundazioak lanean jarrai dezake. Ez dauka logikarik, sumarioan ezer ez da arrazoikoa, ezerk ez baitu logikarik .
- Akusazio berdinaren pean auziperatu gabeko pertsonak egotea;
- Atxilotuen arteko bi auziperaturik ez egotea, batek hilabete oso bat kartzelan pasa behar izan zuen arren;
- Funtsik gabeko “froga” berberen akusaziopeko kideen artean bat bakarrik absolbitzea, besteok bezala 16 hilabetez epaitua izan ondoren
- Zigor berbera jaso dugun Fundazio kideen artean 4 baldintzapeko askatasunean egotea eta gainontzekoak kartzelan edo hor nonbait egotea.
Ez. Ez dago deliturik, eta denok egon beharko genuke kalean eta libre.
Lehen lehenik barruan geratu direnengan pentsatu beharra dago. Gutun honen zirriborroa idatzi nuenean ihes egiteko arriskuaren aurkako errekurtsoari emango zioten erantzunaren zain. Baina gure abokatuak esan digunez jada ezezkoa jaso dute eta ez dira
kartzelatik aterako. Eta are gehiago. Ehunka kilometrotara dispertsatu dituzte, nor baina
nor urrunago eta espetxe ezberdinetan. Lehen epaitutako gazteekin egin zuten bezala. Hemen nahi ditugu.
Bigarrenez, kanpoan geratu garenoi buruz: Behin-behineko askatasuna daukagu, 20.000
eurotako fidantza ordainduta. Astean bitan sinatu beharra daukagu eta pasaportea kendu
digute. Sumarioan auziperatutako 7 pertsona gaude egoera honetan, Auzitegi Gorenak kasazio helegiteari buruz erantzuna eman eta sententzia firme bilakatu artean. Noiz
izango ote? Hilabeteak pasa litezke. Urtebete agian? Eskuartean duten lan kopuruaren eta markatu nahi dituzten lehentasunen arabera. Gorenak sententzia berresten badu beste
helegitea jartzeko aukera edukiko genuke Konstituzionalaren aurrean, baina denok kartzelaratuak izango ginateke azken honek erantzuna eman arte.
Egun helegitearen edukiak prestatzen ari gara, nola planteatu pentsatzen… Zuen ideiak
ongi etorriak izango dira.
Hirugarren gai bat, Amnesty International erakundeari kontzientzia preso izendatzeko eskariari dagokiona. Joxemi Zumalabe Fundazioko beste kide batzuek bide hau ere jarraitzeko interesa agertu dute. 2000. urtean atxilotu gintuztenean 1.500 pertsonek horrela izendatu gintuzten epaitegien aurrean bere burua autoinkulpatu zutenean. Nire kasuaren harira Amnesty International taldeko ordezkariekin biltzeko data zehaztear nago. Londresen, kasua aztertu behar den lekuan, sententzia badute. Oraingoz kartzelaratu ez nautenez, ezin naute kontzientzia preso izendatu. Logikoa da. Dena den, erakunde honek epe laburrean eskaria aintzakotzat hartzea positiboa izan daiteke.
Era berean War Resisters International erakundeari aurkeztu diogu kasua. Giza Eskubideekin harremana duten beste talde, erakunde… batzuekin kontaktatzeko aukera ikusten baduzue, jakinarazi iezaguzue, eskaerak koordinatzeko eta lanak banatzeko.
Laugarrenez. Zuen artean bada lehendik ezagutzen ninduenik, baina hainbatentzat ezezaguna naiz, eta niri buruzko informazio gehiago eskatu izan didate. www.sabinoormazabal.org webgunea erreferentzia baliagarria izan daiteke, eta bertan operazio errepresibo luze honi buruzko informazio gehiago topa dezakezue. Informazioa zabaltzen laguntzeko aukera baduzue, primeran. Ekimen honekin jarraitzeko ideia eta proposamenak badituzue, esan.
Hurrengo gutun batean Sententziaren irakurketa propioa egingo dut, akusazioak ezeztatzeko (frogak ez daudenez hauek ezin dira komentatu).
Gauza gehiago egiteko gogoa duen pertsonak badaude. Hitz egin dezagun. sabinoaskatu@gmail.com sustengu taldearen helbidean jasoko ditugu zuen mezuak..
Sabino Ormazabal Elola
2008-01-22