Sabino Ormazabalen babes taldea.

Sabino Ormazabal Elola kontzientzia preso aitortu dezaten ekimena

Prentsa Bilduma


«Gurearen antzeko ekimen gehiago sortzea nahiko genuke»

Lokarriren Haritu aldizkarian Sabinori egindako elkarrizketa.

 

Haritu: nortzuek osatzen duzue Egin bidea bakeari?

Sabino Ormazabal: talde sortzailea hamabi bat pertsonek osatzen zuten, batzuk giza mugimenduetatik datozenak eta ezen taldeko militanteak ez direnak beste batzuk. Besteak beste, bada ondorengo talde, mugimendu zein erakundeetako jendea: Lokarri, Justizia eta Bakea, Amnistia Internacional, komunitate kristauak eta Bidea Helburu. Haatik, azpimarratu beharra dago konpromiso pertsonala dutela ekimenarekin, norbanakoa, ez talde horien orderkari moduan jarduten. Bestalde, nabarmentzekoa da ekimenean ikus daitekeen aniztasuna, jatorriari, esperientziei eta sentsibilitateei dagokienez, baina funtsezko zerbaitek batzen gaitu guztiak: indarkeriarik gabe; hitza, elkarrizketa eta parte-hartzea erabiliz gure gizartearen gatazka konpondu eta bakea eginez joateak.

Haritu: nola sortu zen ekimena?

S.0.: Bidea Helburu taldeko jendeak egin zuen aurreneko proposamena, ikusita bakoitza bere aldetik ari zela helburu beraren alde, elkarlana bultzatu beharrean, eta deia egiten hasi zen atxikimenduak lortzeari begira. Poliki-poliki, jende gehiago elkartuz joan zaigu. Beste behin ere, hitzordu gastronomiko batean, mahai baten inguruan, hausnartu, eztabaidatu eta hartu ziren lehen erabakiak ekimenaren inguruan. Hasiera horren uzta da orain Donostiako Bulebarraren ondoan hilabetearen lehen eta hirugarren ostegunean ikus dezakeguna.

Haritu: zerk bultzatu zintuzten honetara?

S.0.: biolentzia mota ezberdinak eta eskubideen gabezia direla eta, askok sentitzen dugun gogaipena modu eraikitzaile batean adierazteko nahiak bultzatu gintuen ekimen hau gauzatzera, horri guztiari modu praktikoan aurre egiteko nahiak. Txinparta bat piztea nahikoa izan zen egitasmoa sostenguak jasotzen hasteko. Igerilekura jauzi egin beharra zegoen, eta busti, hezurretaraino busti ginen elkartu ginen lehendabiziko egunean bota zuen euri zaparrada zela eta. Beste herri edo hiri batzuetan ere gurearen antzeko beste ekimen batzuk sortzea dugu nahia, gurearekin bat etor daiztezkeenak, modu batera edo bestera. Badira batzuk, hala nola, Artamugarriak eta Batzart. Gure plazak biolentziaren aurkako eta elkarrizketa eta partaidetzaren aldeko mezuz betetzen baditugu, gatazka errazago gidatuko da bide sozial eta demokratiagoetatik.

Haritu: zein duzue antolatzeko modua?

S.0.: erabakiak hartzeko orduan, guztion arteko adostasuna bilatzen da, garrantzizkoena eztabaida da. Bilerak aurretik e-mail bidez elkarri iritziak bidaliz prestatzen dira. Oinarrizkoak, funtsezkoak biltzen gaitu. Adostasunik ez badago, nahiago dugu bozkarik ez egin eta argudio egokiak bilatu (geure burua) konbentzitzeko. Horrelakorik gertatu ezean, proposamena baztertzen da. Hain mugimendu anitzean lan egiteak entzuten jakitea eta malgua izatea eskatzen du. Aulkiena eta borobila egitearena Artamugarriak izeneko beste ekimen baten ekarpena da. Gehienbat Nafarroan dabil jardunean Artamugarriak. Xumea baina, aldi berean, indarrez betea iruditu zitzaigun eszenaratzeko era hori eta aho batez onartu genuen guretzat. Ekimenaren logoa aukeratzea da oraindik zehaztuta ez daukagun kontuetako bat, baina hori ere egingo dugu; izan ere, banatzen dugun orria hartzeko zalantzak izan ditu batek baino gehiagok eta hau da galdetu duen lehen gauza: baina nork antolatzen du ahu? Herri honetan hain dago errotua polarizazioa, ezen arreta handiago eskaintzen baitiogu zelofanari gozokiari baino, jakinda ere gozokia dela benetan zaporeduna.

Haritu: noiz arte iraungo du ekimenak?

S.0.: ekimenak ibilbide luzea izango duela aurreikusten dugu. Badakigu gauza asko korrotez kontra dauzkagula, baina neurri ezberdinetako euritako eta flotagailu ugari ditugu gure eskuetan zaparrada mota guztietatik salbu irteteko. Halaber, badakigu bakea Itaka baten modukoa dela, aurkitzeko puntuan zarela uste duzunean arraunean jarraitu behar duzula hurrengo uhartera iristeko. Eta gero, hurrengora. Ardurak dituztenek berriro eser daitezen arte jarrituko dugu eserialdiak egiten.

mail helbidea
XXX