Sabino Ormazabal Elola kontzientzia preso aitortu dezaten ekimena
18/98 sumarioa "dena ETA da" tesiaren arabera burututako prozesua izan da. Prozesu honetan 56 pertsona eta hainbat talde, gizarte mugimendu, ekimen sozial eta politiko izan dira auziperatuak, tartean Sabino Ormazabal Elola ekologista eta antimilitarista. 2007ko abenduaren 19an sententzia irakurri eta gero 52 prozesatuetatik 47k gartzela zigor gogorrak jaso dituzte: 4,9, 11, 14, 17 eta 24 urteetako zigorrak hain zuzen.
Lehenik eta behin doala lerro hauetatik gure elkartasuna auzipetutako pertsona guztiekin. Hainbat kide eta lagun daude haien artean, guretzat ezezagunak edo hain ezagunak ez diren beste batzuekin batera. Nolanahi ere, gure lagun Sabino Ormazabalen aurkako salaketak eta prozedura ezagututa, pentsatzen dugu akusazio guztia, bere osotasunean, zentzugabekeria eta bidegabekeria hutsa dela, erabat tokiz kanpokoa.
Orain arte errespetatu egin dugu Sabinoren eskaera, beregan pertsonalizatutako inolako kanpainarik ez egitekoa. Izan ere, berak beti eduki du uste osoa lagun guztiengan, haien errugabetasunean eta Joxemi Zumalabe Fundazioaren ibilbide publikoa, jarduerak eta idealak defendatu ditu. Eta, beraz, auzipetu guztiak batera defendatzea eskatu izan du beti.
Baina egoera berri honetara iritsirik, behin epaiaren berri izanda, han jasotzen diren akusazioen larritasuna eta ezarri nahi dizkieten urteak ezagututa, erabaki dugu Sabino Ormazabalen aldeko elkartasun taldea osatzea eta haren alde lan egitea eta, hasteko, ekimen hau argitara ematea.
Sabinok 9 urtetako gartzela zigorra jaso du, eta fidantzapeko askatasunean aurkitzen da Epaitegi Gorenak ezarri diren erekursoei erantzun bat eman arte. Sabinoren Aldeko Elkartasun Taldea zigor honen aurka dago, akusazio faltsu baten ondorioa dela sinisten baitugu eta sumarioak iraun duen bitartean auziperatuen oinarrizko eskubideak ez direlako erespetatu.
2000. urtean Sabino lehen aldiz gartzeleratua izan zenean kontzientzia presotzat hartu zuen bere burua. Une honetan Sabinoren absoluzioa eskatzen dugu, eta berriz gartzeleratua izango balitz, prozesu honek izan dituen irregularitateak kontuan izanda eta Sabinok indarkeria-eza aktiboarekin duen konpromezua gizarte mugimenduetan, ekologismoan eta antimilitarismoan izan duen ibilbidearekin uztartzen dela jakinda, Amnistia Internazionala eta Giza Eskubideen aldeko beste erakundeek Kontzientzia Presotzat onartzearen aldeko kanpaina sustatuko dugu.